HISTORIA

Gaur egun ezagutzen den Alaitsu dantza taldea, 1980ko hamarkadan sortu zen. Orduz geroztik, etenik gabe, urtero antolatu dira haurrentzat dantza ikastaroak bertan.

Euskal dantza tradizionala oinarri izanik, gure ikastaroen helburua dantzaz gozatzea da une polit batzuk igaroz. Hauek dira lantzen diren dantza mota batzuk:

  • Arin-arina
  • Fandangoa
  • San Joan dantza
  • Sorgin dantza
  • Agurra
  • Iparraldeko hainbat dantza

Dantza tradizionalak landu arren, herrian ospatzen diren jai ezberdinetarako hainbat dantza berri ere lantzen dira. Gure helburu nagusia herritarrei gure kulturarekiko lotura zuzena eskaintzea da; haurrei modu erakargarri batean euskal dantzaren tradizioa barneratzea dugu helburu.

Dantza taldea sortu denetik hainbat irakasle ezberdinek hartu izan dute lekukoa. 2013/14 ikasturtea, berrikuntza nabarmen batekin hasi zen: lehenengo aldiz helduen talde bat osatu zen dantza taldeari aniztasuna emanez. Azken urteetan osasuntsu dago gure dantza taldea, guztira 45 ikasleko langa gainditu dugularik.